‘Gaztea Cover’en bozketa fasea bukatzear da: ezagutu 24 lehiakideak eta eman zure botoa
Inskripzio epea itxita, dagoeneko baditugu aurtengo 'Gaztea Cover'en parte hartzaileen izenak. Aurkeztutako 120 coverretik 24 aukeratu ditugu, ikus-entzuleek gustukoenaren aldeko botoa emateko.
Webgunean bozkatzeko epea astebetekoa izango da (apirilaren 12ra arte). Botoa emateko, nahitaezkoa izango da bozketa panelaren azpian dagoen formularioa betetzea.
Hurrengo fasea
Bozketa horretatik, lau izen aterako dira: finalaurreko bakoitzeko bi. Epaimahaiak beste 16 cover aukeratuko ditu, eta, orotara, 20 lehiakide lehiatuko dira finalaurrekoetan (finalaurreko bakoitzeko 10). 20 hautatuek lehiaketara aurkeztutako coverra kalean grabatzeko aukera izango dute, finalaurrekoetarako. ETB1en eta Gaztearen webgunean izango dira ikusgai, maiatzaren 31n eta ekainaren 7an. Finalaurrekoetan, epaimahaikideek 6 lehiakide aukeratuko dituzte final handirako.
Finala eta sariak
Finala ekainaren 14an izango da, zuzenean, ETB1en eta Gaztearen webgunean. Bertan, 6 finalistek zuzenean abestuko dituzte beren bertsioak.
Epaimahaiak erabakiko du nork irabaziko duen 2022ko Gaztea Cover lehiaketa, baina ikus-entzuleen papera ere ezinbestekoa izango da; izan ere, gustuko artistaren aldeko botoa emateko aukera izango da, zuzenean, programaren emanaldian zehar. Hortik aterako da publikoaren sariaren irabazlea.
Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euroko txekea jasoko du musika material profesionala saltzen duen Txirula dendan erabiltzeko, eta 1.000 euro gastatu ahalko ditu toki berean boto gehien jasotzen dituen lehiakideak.