Bueltan da Lekuek Festibala: Za!, Merina Gris, Dupla eta J Martina, martxoaren 19an, Gernikan
Martxoaren 12tik 19ra, Gernikak Lekuek Festibalaren edizio berri bat hartuko du. Zuzeneko musikaren orbitan, dantza eta antzerki ikuskizunak, hitzaldiak, zinekluba, disko eta arte azoka eta tailerrak ere izango dira bertan. Jaialdiko antolatzaileek azpimarratu dutenez, "hibernaziotik esnatzeko" moduko kartela prestatu dute.
Lekuek Festibala jaialdi autogestionatua da. Aurten, Astran, Iparragirre Rock Elkartean, Kult Parnason, Lizeoan eta Gernikako kale eta tabernetan izango da zer entzun, ikusi, ikasi eta salerosi.
Larunbatean, martxoak 12, gogor hasiko da jaialdia: kalean kantuan eta trikipoteoan aritzeko aukera izango da eguerditik aurrera, eta Astrak metal doinu gogorrak hartuko ditu gauean: The Broken Horizon, Phrymeral eta Numen.
Igandean, disko eta arte azoka izango da, eta 13:30erako Triggerren kontzertua prestatu dute. Astelehen-astearteetan hainbat hitzaldi egongo dira publikoaren gozagarri, eta asteazkenerako Empty Filesen kontzertua iragarri dute: 21:00etatik aurrera izango da, Astran.