"Oro har, despolitizatuta, hipersexualizatuta eta objektibizatuta agertzen gara emakumeak eszena musikalean"
"Jaio naiz baina zein da nire lekua" esaldiarekin hasten da Gazte Baten Ametsak, J Martina taldearen disko berriko hit nagusia. Sortu diren mundura abesten diote Kattalinek, Anek eta Javik, "egiturazko pobrezia, eskubideen urraketa etengabea, indarkeria matxistaren normalizazioa eta kontrol sozialaren gorakada" hizpide hartuta, hain zuzen ere.
Kattalin Barcenak berak azaldu duenez, "'norena da mundua?' galderaren atzean ezkutatzen dena zera da: batzuek ez dugula gure bizitzaren inguruko erabakirik txikiena ere hartzeko gaitasunik".
Musika, iraultzarako tresna
Barcenaren hitzetan, "miseriara eta biolentziara kondenatzen gaituen kapitalismoak" bizitzako esparru guztietan du eragina, baita kulturaren industrian ere. Bada, egungo panoraman "emakume gehiagok parte hartzeak ikusgarritasuna" bermatzen duen arren, "ez du zertan hobekuntza kualitatibo erreal bat suposatu emakumeon emantzipazio prozesuan".
Hau da, oro har, musikaren industrian emakumeak "despolitizatuta, hipersexualizatuta eta objektibizatuta" agertzen direla salatu du J Martinako kideak. Eta ez da asoziazio inozo bat, jarrera horiek "ahalduntzearekin justifikatu" nahi izaten baitira, sistema bera aldatu beharrean emantzipazio faltsu batera kondenatuz. Musikariaren ustez, "emakumeak egoteak ez du zertan esan nahi aurretik aipatutakoarekin apurtzeko borondatea dagoenik".
Ideia horri tiraka, artistek duten erantzukizun sozialaz hausnartu du Barcenak. Euren aldetik, J Martinaren musikak ardura politikoa duen "arte proposamen sozialista garatzeko norabidea" hartu nahi du. Horretarako, baina, elkarrizketatuak ezinbesteko jo du arte ekoizpena bera "beste oinarri batzuen baitan antolatzea, gizartea bere osotasunean gainditzeko eta emakumeon emantzipazio erreala gorpuzteko".
Beraz, bai, artistek badute erantzukizun politikoa eta artea izan daiteke iraultzarako tresna. Kattalin Barcenaren aburuz, "egunerokotasunaren detailerik txikienei edo intimoenei buruz" abestu daiteke, "maitasuna, kezkak, bizipen konkretuak, fikzioa… baina begirada zehatz batetik".
Elkartasun sareak
Eta iraultza egingo bada, bakarrik ez, kolektiboki egingo dutela argi dute J Martinako kideek; izan ere, hainbat artisten lanaz baliatu dira "Jaio Naiz Baina" diskoaren unibertsoa asmatzeko. Horien artean, Sahatsa Jauregi eta Julene Gregorio, "miresten" dituzten artista bizkaitarrak. Barcenaren hitzetan, bidaideez inguratzea ezinbestekoa da taldekideentzat. Euskal Herrian, "emakumeen artean sareak sortzeko joera oso zabaldua dago", horren esanetan.
Bidelagun horien aukeraketa "printzipio estetikoetan" oinarrituta egin ohi duten arren, artistak "printzipio politiko bateratuen baitan antolatzea beharrezkoa" dela uste du hirukoak.