Gatibuk ez du Reale Arenan jo: zer gertatu da talde bizkaitarren eta Realaren artean?
Hala iragarrita zegoen arren, Gatibuk ez zuen jo Reala eta Osasunaren arteko igandeko partidan. Keler Espazioaren inaugurazioan eta partidaren atsedenaldian jotzekoa zen talde bizkaitarra. Baina, hitzorduaren bezperan, mezu hau zabaldu zuen bere Twitter profilean: "Sare sozialetan eta komunikabideetan sortu den zalaparta ikusita, bihar, Reale Arenan eskaintzeko ginen kontzertua bertan behera uztea erabaki dugu Gatibuk eta Realak euskal futbol zalegoa ez banatzeko asmoz. Musikak ez gaitzala konfrontatu".
Gatiburen mezu ofizialean aipatutako "zalaparta"ren oinarrian, sare sozialetan bolo-bolo ibili den argazki bat dago. Bertan, Alex Sardui (taldeko abeslaria) agertzen da, Reale Arenan, Iñigo Martinez Realeko jokalari ohiaren kamiseta jantzita. Urriaren 31n atera zioten argazkia, Realaren eta Athleticen arteko neurketan. Hainbat zale txuriurdinek irain gisa hartu zuten Sarduiren jarrera, eta kontzertua iragarri zenetik musikari bizkaitarraren "jarrera zirikatzailea" salatu dute.
Athletic eta Real zaleen arteko eztabaidak, banda gernikarraren aldeko babes mezuek eta polemika absurdotzat jo duten erabiltzaileen arteko liskarrek sare sozialak harrotu dituzte azken orduetan. Realak, bere aldetik, erabaki bateratua izan dela adierazi du ohar bidez.