Dr. Dre, Snoop Dogg, 50 Cent eta Eminem: rapari omenaldia, Super Bowleko atsedenaldian

Erritmo urbanoz girotu dute aurten National Football Leaguearen (NFL) finala. Kendrick Lamar eta Mary J. Blige ere igo dira oholtza gainera.
Dr. Dree eta Snoop Dogg
Dr. Dree eta Snoop Dogg. Argazkia: EFE

Dr. Dre, Snoop Dogg eta Eminem artistek girotu dute 2022ko National Football Leagueko (NFL) Super Bowleko atsedenaldia. Dagoeneko nazioarteko ospea duen ikuskizunak rap estatubatuarraren kulturari gorazarre egin dio aurten. Aipatutakoez gain, Kendrick Lamar eta Mary J. Blige artistak ere aritu dira oholtza gainean. Gainera, 50 Cent rap musikaria ezustean agertu da, publikoa zur eta lur utzita.

NFL ligaren aurtengo aukeraketa ez da ausazkoa izan; izan ere, azken urteetan arrazismo akusazio larriei egin izan behar dio aurre. Horregatik hautatu dute rapa, AEBko komunitate beltzaren ezinbesteko elementu kulturala, aurtengo ikuskizunerako. Protagonistak, Dr. Dre eta Snoop Dogg: AEBko mendebaldeko kostako rap beltzaren bi mito.

Bi artistek The Next Episode eta California Love abestiak interpretatu dituzte zuzenean, komiki itxurako dekoratuan. Bigarren abesti honetan, 50 Cent artista agertu da oholtza gainean, ezustean.

Mary J. Blige izan da taula gainera igo den emakume bakarra. Agertokia erabat aldatu, eta Family Affair eta No More Drama abestiak zuzenean kantatu ditu New Yorkeko artistak, SoFi Stadimueko publikoa bereganatuz.

Mary J Blige. Argazkia: EFE

Eminem, oholtzan belauniko

Arestian aipatutako arrazismo salaketekin bat egin du Eminemek, sare sozialak harrotu dituen jarrerarekin. NFLk ez egiteko eskatu badio ere, oholtzan belauniko agertu da artista, Colin Kaepernicki keinua eginez. Kapernick NFLko jokalaria eta aktibista da, eta AEBko komunitate beltzak pairatzen duen arrazakeriaren aurka borrokatu da azken urteetan. 2016ko partida batean, belauniko jarri ziren Kaepernick eta beste hainbat kide, arrazagatiko bazterketa eta poliziaren indarkeria salatzeko. Ordutik, ikono bihurtu da futbol jokalariaren keinu hura.

Atsedenaldiko ikuskizun osoa YouTuben dago ikusgai.