Bilbao BBK Live Udazkena, EAEn zutik ikusi ahalko den lehen jaialdia
Bilbao BBK Live Udazkena jaialdian publikoak zutik egoteko aukera izango du, Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren kontrako neurriak indarrean sartu zirenetik lehen aldiz. LABI instituzionalak neurri murriztaile gehienak bertan behera utzi dituen honetan, publikoak zutik egoteko aukera izango du. Musukoaren erabilerak, ostera, nahitaezkoa izaten jarraituko du.
Ostegun honetan sartuko da indarrean neurria, eta Bilbora bertaratzen direnek Caribou, Novedades Carminha, Zetak, Rigoberta Bandini eta Teenage Fanclub taldeen kontzertuez zutik gozatzeko aukera izango dute. Bilbao BBK Live jaialdiaren bertsio berezi hau urriaren 7tik 9rako asteburuan eta azaroaren 11tik 13rako asteburuan izango da, Miribilla auzoko Bilbao Arenan.
Bi murrizketa egongo dira bakarrik indarrean: musukoen erabilerak orain arte bezala jarraituko du, eta kultur ekitaldietako edukiera % 80koa izango da, betiere espazio itxietan egiten badira eta lokalak 5.000 pertsonarentzako baino gehiagorentzako lekua badu. Gainera, janariak eta edariak horretarako propio bideratutako lekuetan baino ezingo dira kontsumitu.