Nobedade ugari, Gazteako denboraldi berrian

'Dida' saioa 14:00ak arte luzatzeaz gain, 'Yoko Ona' bideopodkasta estreinatuko dugu. Era berean, 'DANIEL | A' webseriea eta 'Zulora' eztabaida-saioa dira aurtengo erronka berriak Gaztean.
Gazteako lantaldea
Gazteako lantaldea

Udan etxeko lanak egin ditugu, eta nobedadez josita dator ikasturte berria Gaztean.

Irratiko saioak

'Dida' saioak jarraitu du goizetako iratzargailua izaten, baina 14:00ak arte luzatuta. Horrenbestez, 07:00etatik 11:00etara, Julen Telleriaren gidaritzapean, Jon Gotzon, Antton Telleria eta Andrea Aranburu arituko dira zuzenean. Ohiko kolaboratzaileak ez ezik, Andoni Ollokiegi musikaria, 'Azpiazu fitness' Instagrameko fenomeno berria eta Gaztea Cover irabazi zuen Ainhoa Arroitajauregi izango dituzte lagun aurten, besteak beste. 11:00etatik 14:00etara, ordea, Ainhoa Vitoriak eta Xabin Fernandezek hartuko dute uhinen lekukoa.

'Gu' saioak arratsaldeak girotzen jarraituko du Ibon Fernandez, Maite Garmendia eta Alain Perez esatariekin. Gauak, berriz, Julen Idigorasenak dira, diskoari buelta eman eta 'B Aldea'n murgiltzeko, 20:00etatik 22:00etara. Jarraian, nazioarteko musika zerrenden errepasoa ekarriko digu Maider Gorostegik, astelehenetik ostegunera, 22:00etatik 23:00etara.

Bestalde, klasikoei leiho bat irekiko die asteburuetan Joseba Sacristanek: larunbatetan, 19:00etatik 21:00etara eta igandetan, 13:00etatik 15:00etara. Flaca DJk ostiral gauak girotzen jarraituko du aurten ere, 22:00etatik 23:00etara. Larunbat goizetan, Top Gaztea zerrendaren errepasoa egingo dute Oizeder Mayok eta Oihan Vegak, 11:00etatik 13:00etara. Igande arratsaldeak Txurrurenak izango dira, 17:00etatik 20:00etara, '2 Positive' saioan. Eta astea behar den moduan amaitzeko, Makalak 'Boom Shaka Laka'ren txokoa zabalduko du, 22:00etan hasita.

Gainerakoan, musikak hartuko du protagonismoa Gaztean, Maider Gorostegi, Joseba Sacristan, Leire Arrojeria eta Sara Alonso esatariek aurkeztutako formula tarteetan.

Ekimen bereziak

MAKETA LEHIAKETA

30. edizioa egingo du aurten eta protagonismo berezia izango du denboraldi hasieran Maketa Lehiaketak. Grabazioak jasotzeko epea hasi da, eta guk ere keinu berezia egin diogu urteurren berezi horri. Izan ere, Nøgen taldeak EH Sukarraren (eibartarrek irabazi zuten lehen Maketa Lehiaketa duela 30 urte) izen bereko kantua moldatu du eta gure esatariek ere bideoan parte hartu dute. Final handia azaroaren 25ean izango da, Bilbon. 

YOKO ONA BIDEOPODKASTA

Ainhoa Vitoria Gazteako esatariak zuzenduta eta Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitia (Belako) musikarien laguntzaz, haien bizipenak eta anekdotak aztergai izango dituzte bideopodkast formatuan. Gazteako Youtuben eta EiTB Podkast atarian egongo da entzungai eta ikusgai.

DANIEL|A

Gazteentzako mini-websail transmedia hau jarri dugu martxan Gazteako Youtube kanalerako eta eitb.eus atarirako. Unibertsitatean hasi eta berehala, nortasun krisi sakon baten ondorioz, Danielak atzerrira alde egitea erabaki zuen. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuli da, aitaren etxera, eta bere bizitzari berriro ekin nahi dio, baina abiapuntu berri batetik: orain, Daniel da. 

ZULORA  

Gazteei zuzendutako eztabaida-saioa da 'Zulora'. Gai sozial zehatz batean oinarrituko da atal bakoitza: osasun mentalaren inguruko tabuak, emakumeak sarean, Iruñerriko mugimendu kulturalak eta euskaldun arrazializatuak, esaterako. Ane Zuazubiskarrek aurkeztuta, gazteen ikuspegitik egindako saioa da, gazteek kontatuta eta ekoiztuta.