Kontzertuen agenda hitzorduz lepo dator asteburuan
Astero egiten dugun moduan, datozen egunetan Euskal Herrian izango ditugun musika-hitzorduak errepasatuko ditugu Gaztean. Donostia Festibala egingo dute Gipuzkoako hiriburuan, baina beste hainbat kontzertu ere izango dira entzungai.
OSTIRALA
Bermeoko Lameran, adibidez, Zea Mays eta The Hammerkillers taldeak arituko dira, zuzenean, 22:00etan hasita. Horrez gain, Luna eta Buffalo igoko dira oholtza gainera Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan.
Gipuzkoako agendari erreparatuz gero, honako kontzertu hauek aurkituko ditugu: Smooth Beans, Donostiako Dabadaban; Vietcong 68 eta Plan B, Donostiako Dokan, eta Fumut eta Zesura, Beasaingo Bideluze plazan. Bestalde, Saltoren doinuak girotuko du Arrasateko Kulturate aretoa.
LARUNBATA
Larunbatean ere ez da hitzordurik faltako. Dama eta Anestesia entzuteko aukera izango da Bilboko Kafe Antzokian, eta Leire eta Willis Drummond, Bermeoko Lameran. Su ta Gar taldea, berriz, Karrantzan izango da, 22:30ean.
Gipuzkoako agendari dagokionez, hainbat emanaldi izango dira Donostian, Donostia Festibaleko proposamenez gain. La Jodederak girotuko Egia plaza, eta Atom Rhumba arituko da Intxaurrondo Zaharreko jaietan, Letaman plazan.