Martxan da Gaztearen DJ Lehiaketa

Parte hartzeko epea maiatzaren 30ean bukatuko da. Hogei minutuko musika grabazioak eskatuko ditugu eta musika estiloa guztiz askea izango da.

Maketa Lehiaketa bukatzearekin batera, erronka berri bat proposatu nahi diegu Gaztea Irratiko entzule eta erabiltzaile guztiei. Azken bi urteetan bezala, Euskal Herriko disko-jartzaileei euren saioak ezagutzera emateko aukera emango diegu. Izan ere, DJ Lehiaketaren hirugarren edizioa jarriko dugu martxan maiatzaren 2an.

Epeak

Asteazken honetan hasi eta maiatzaren 30ean bukatuko da lehiaketan parte hartzeko epea. Bozketa, berriz, ekainean helduko da; hilaren 7an, hain zuzen ere. Astebeteko tartean, ekainaren 7tik 14ra, zuen botoek erabakiko dute Entzuleen Saria norentzat izango den, baita finalean zein artista lehiatuko diren ere.

Dakizuenez, bost finalista egongo dira finalean. Bozketa fasean sailkapeneko lehen bi postuetan geratzen direnak zuzenean igaroko dira finalera, eta beste hirurak, berriz, epaimahaikideek aukeratuko dituzte. Hala, Donostiako Dabadaban egingo dugu finala, ekainaren 22an.

Sariak

Epaimahaiaren Sariak 1.000 euro banatuko ditu dirutan eta 500 euro materialean, eta Entzuleen Saria eskuratzen duenak 500 euro eramango ditu dirutan eta beste 500 euro jasoko du materialean.

Parte hartzeko baldintzak

Hogei minutuko musika grabazioetan, disko-jartzaileak musika aukeratu, nahasi eta horiek bideratzeko dohainak erakutsi beharko ditu. Musika estiloari dagokionez, guztiz askea izango da: besteak beste, house, techno, deep, minimal, EDM edota musika komertziala onartuko dira.

Nahasi ez arren, kantuak aukeratzen ibiltzen diren musikarien saioek ere izango dute lekua lehiaketa honetan.