'Palakin jo' eta 'Baldatxora bialdu' esamoldeentzat, #BOTABA erronkaren sari nagusia
Aste honetako irabazlea, berriz, Zugazua egilearen "Barrez hesteak bota" esamoldea izan da. Sari-banaketa Durangoko Azokan egingo dute abenduaren 6an.
Labayru Fundazioak abiatutako #BOTABA euskal esamoldeen erronkak azken asteko bideorik onena aukeratu du, baita irabazle nagusia ere. Horrekin bukatutzat eman dute lehiaketa, baina Durangoko Azokan, abenduaren 6an, egingo dute sari-banaketa.
Hasteko, Zugazua egilearen "Barrez hesteak bota" esamoldeak eraman du aste honetako saria: Ixi Wood diseinuzko egurrezko betaurrekoak.
Bestalde, "Palakin jo" eta "Baldatxora bialdu" esamoldeak erabili dituen Txalintxo egilearen bideoa izan da #BOTABA erronkako irabazle nagusia. Horrek eskuratuko du Europara lau lagunentzako bidaia.