'Dida'k saio berezia eskainiko du Iruñetik, San Fermin egunaren bezperan
12:00ak jota botako dute San Fermin festetako txupina Iruñeko udaletxetik, uztailaren 6an, eta Euskal Herriko jai ezagunenen lekuko izango gara geu ere egun horretan. Izan ere, Gaztea bertantxe egongo da, txupinazoaren aurretik eta ondoren, Nafarroako hiriburuan jazotzen den guztia gertu-gertutik bizitzeko.
Hain zuzen ere, aurreko urteetan bezala, 'Dida'k saio berezia egingo du Iruñetik, Julen eta Antton Telleria, Edurne Garmendia, Jon Gotzon eta Ainhoa Vitoria esatariekin.
Hartara, San Fermin egunaren bezperan, Gaztea Irratiko entzuleak ikusle ere bihurtuko dira, aipatu saioa streaming bidez emango baitugu Gaztearen webgunean. Hala, zuzen-zuzenean ikusi ahalko duzue sanferminetako giroa, 10:00etatik 13:00etara.
Halaber, saio berezia izango denez, opariak banatu eta hainbat sorpresa emango dituzte, eta festa giroak aginduko du 'Dida'n datorren ostegunean.