Maria Jose Cantudo, Fantasiazko Zinemaren Asteko protagonista

28. edizioa udazkenean iritsiko da Donostiara, eta beldurrezko pelikulak zuzendu dituzten emakumezkoei eskainitako ziklo bat izango du.

María José Cantudo aktore andaluziarra izango da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Asteko protagonista. Urriaren 28tik azaroaren 3ra egingo dute, hain zuzen, aurtengo edizioa, eta beldurrezko pelikulak zuzendu dituzten emakumezkoei eskainitako ziklo bat izango du, baita 70eko hamarkadan Espainiako Estatuan ikarazko filmetan parte hartu zuten aktoreei zuzendutako erakusketa bat ere.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Josemi Beltran zuzendariak, Cantudorekin batera, aurkeztu du 28. Astearen irudia eta egitarauaren aurrerapena. Edizio honetako protagonistak berrogei urteko ibilbidea egin du zinemaren munduan. Besteak beste, Autopsia (1973) eta Las delicias de los verdes años (1976) filmetan hartu du parte. Gainera, hainbat antzezlanetan eta telebistan aritu izan da lanean. Beldurrezko pelikulei dagokienez, El espanto surge de la tumba (1973) eta El huerto del francés (1977) izan dira Cantudoren lanetako batzuk.

Aurtengo programazioarekin lotuta, Beltranek azaldu du "El ataque de las mujeres cineastas" izeneko ziklo bat antolatuko dutela. Hauek dira han emango dituzten pelikuletako batzuk: Jennifer's Body (Karyn Kusama, 2009), The Babadook (Jennifer Kent, 2014), American May (Jen eta Sylvia Soska, 2012), Una chica vuelve a casa sola esta noche (Ana Lily Amirpour, 2014), Crudo (Julia Ducournau, 2016) eta The Love Witch (Anna Biller, 2016). Aipatzekoa da, halaber, Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaldiaren kariaz, "Mil gritos en la noche" argazki erakusketa egingo dutela Okendon urriaren 28tik abenduaren 9ra.