Martxan da Bertsomovieda! lehiaketaren seigarren edizioa
Apirilaren 23an hasiko da Bertsomovieda! lehiaketaren seigarren edizioa. Bertan parte hartu nahi dutenek 7 segundotik gorako iraupena duten bideoak igo behar dituzte Internetera. Horietan, edozein eratako bertso batek agertu beharko du gutxienez.
Bideo guztiak bertsomovieda.com webgunean egongo dira ikusgai. Bertsoak entzuteaz aparte, gustukoenen artean bozkatzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek.
Lehiaketan edonork eman dezake izena, eta taldeka zein banaka har daiteke parte. Baldintza bakarra dago: bideo labur batean bertso bat jasotzea.
Bertan parte hartzeko epea maiatzaren 4an itxiko dute, eta 5etik 12ra bozkatzeko aukera izango dute erabiltzaileek, maiatzaren 12ko 12:00ak arte.
Sariak
Gaztetxoentzat sari bat egongo da, eta helduentzat beste bat. Horietaz aparte, beste hiru sari egongo dira.
Guztira, 2.450 euro banatuko dituzte irabazleen artean. Gazteen mailan bertsomovie onenak 300 euro irabaziko ditu; helduenetan, aldiz, irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.
Bozketan boto gehien lortzen dituen bideoak 500 euro jasoko ditu. Aipamen berezia jasoko dute bi lanek, eta bakoitzari 200 euro emango zaizkio. Azkenik, bertsorik onena duen "bertsomovie" bat 250 eurorekin sarituko dute.