Onintza Enbeitaren gogoetak, urteko audio entzunenen artean
Berriro ere, Huntza taldea da zerrendaburu urteko eduki ikusienen eta entzunenen artean. Kasu honetan, 2016ko audio entzunena izan da talde gipuzkoarrak 'Gaztea Box'en egindako "Aldapan gora" kantuaren aurkezpena.
Bigarren audio arrakastatsuena, berriz, 'Gran Hermano' saioko Aritz lehiakideari 'Dida'n egindako elkarrizketa izan da, eta hurbiletik jarraitu dio Haitz Errazkinek Marta Etura aktorearekin maiteminduta zegoela iragarri zueneko unea.
Hortik aurrera, behin eta berriro azaldu da zerrendan Onintza Enbeita bertsolaria. 'Dida' saioan astean behin kolaboratzen duen gazte bizkaitarra laugarren kokatu da sailkapenean, Gernika filma gustuko ez zuela esan zueneko tarteari esker. Seigarren postua ere harentzat izan da, arrakastatsua izan baitzen Xabier Amurizari egindako omenaldia, baita emakume ausartentzat prestatu zuen playlista ere (zazpigarren kokatu da zerrendan). Aipatzekoa da, halaber, bederatzigarren lekua ere Enbeitak bete duela, erromantiko jarri zeneko audioak entzunaldi mordoa izan dituelako.
Zerrenda osatzen duten audioak dira Xabi Solanoren "Nire mundu polit txiki honetan" kantuaren aurkezpena eta elkarrizketa, Jon Gotzonek Joxe Mari Agirretxe (Porrotx) biluztu zueneko momentua, eta 30 urteko neskei galdetu behar ez zaiena kontatzen zuen tartea.