Gaztea da EAEko musika irrati entzunena, CIESen neurketaren arabera

135.000 entzule ditu egunero Gaztea Irratiak, EAEko bigarren musika irrati entzunenak baino 29.000 gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko musika irrati entzunena da gaur-gaurkoz Gaztea, CIESen urteko bigarren neurtaldiaren arabera. 135.000 entzulek egiten dute bat egunero Gaztea Irratiarekin, EAEko bigarren musika irrati entzunena aise gaindituta. Berorrek Gaztea Irratiak baino 29.000 entzule gutxiago ditu.

Oro har, EiTB komunikazio taldeko irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, Radio Vitoria eta EiTB Musika) 485.000 jarraitzaile dituzte astegunetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Datu horiek CIES enpresaren lehen neurtaldikoak gainditu dituzte.

Hartara, Radio Euskadirekin 175.000 entzulek egiten dute bat astelehenetik ostiralera, maiatzeko neurtaldiko emaitza nabarmen hobetuta. Euskadi Irratiak 117.000 entzule ditu, eta Gipuzkoako irrati-kate entzunena da. Bestalde, EiTB Musikak nabarmen egin du gora, 34.000 entzulerekin.

Horrenbestez, euskarazko irratiek CIESen lehenengo neurketaren emaitza gainditzea lortu dute, eta guztira 286.000 entzule lortu dituzte.