Indartsu abiatuko du astea Azokak, asteburuko biharamuna atzean utzita

Ahotsenean, Huntza, Liher, Egurra eta Kitto eta Zeinke taldeek gaztetxoen arreta piztuko dute, eta Plateruenan Skakeitanen abesti berriak entzungo dira.

Hasierako gogo eta ilusio bertsua dute oraindik ere Durangoko Azokako erakusketariek, oholtzara ateratzen diren artistek eta baita Landako gunean bueltaka ibiltzen diren bisitariek ere. Haatik, nekea eta lau eguneko maratoiak dakarren zama ere nabari dute baten batzuek.

Dena den, euskal kulturak merezi du milaka euskaltzaleek egiten duten esfortzua. Hori horrela, asteari adarretatik eutsi eta astelehen buruzuria koloreztatzen saiatuko dira asko eta asko.

Egitarauak, bederen, lagunduko du horretan, jarduera andana baitakar gaurkoan ere. Hitzaldiak eta dokumentalak nagusituko dira Areto Nagusian. Gainera, Ortzadar Saria banatuko dute bertantxe.

Ahotsenean, Huntza, Liher, Egurra eta Kitto eta Zeinke taldeek gaztetxoen arreta piztuko dute, seguru asko, eta Irudienean pelikulen emanaldiak ez ezik, Go!azen telesailaren laugarren kapituluaren estreinaldia egingo dute.

Esan gabe doa Plateruenak, egunero bezala, kontzertu garrantzitsua hartuko duela; kasu honetan, Skakeitan taldearena.

abenduak 5 egitaraua azoka