Baditugu DigiPen lehiaketaren bi irabazleen izenak

Daniel Conde eta Victor Perez izan dira garaile. Hortaz, bideo-jokoen programazioari buruzko ikastaroa egingo du batak, eta arte digitala eta animazioa oinarri dituena, besteak.

Bideo-jokoak edota animaziozko filmak gustuko dituztenei zuzendutako lehiaketa abiatu genuen aurreko astean, DigiPenen laguntzarekin. Oraingo honetan ez genien parte-hartzaileei esfortzu gehiegirik eskatu, argazki bat bidaltzearekin nahikoa zen eta. Hori bai, argazki horretan bideo-jokoren edo animaziozko pelikularen batekin zerikusia duen irudiren bat islatu behar zuten.

Ordainetan, bi sari potolo egongo zirela hitzeman genuen, eta halaxe izan da. Dagoeneko baditugu bi irabazleen izenak: Daniel Conde eta Victor Perez.

SARIAK

Esan bezala, bi ikastaro zozkatu ditugu: bata, bideo-jokoen programazioari buruzkoa, Victor Perezek eskuratu du, eta bestea, arte digitala eta animazioa oinarri dituena, Daniel Condek.

Hala, lehenak bideo-jokoak sortzen erakutsiko dio ikasleari, betiere, DigiPen editorea erabilita. Bigarrenean, berriz, profesionalek animazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknikak eta erremintak ezagutuko ditu ikasleak, proiektu praktikoen bidez.

IKASTAROAK

Bata zein bestea ikastaro trinkoak dira, eta ekainaren 20an hasi eta uztailaren 1ean bukatuko dira. Hain zuzen ere, 50 orduko ikastaroak dira biak.