Bidali argazkiak DigiPen lehiaketara, eta lortu doako ikastaro bat

Bideo-jokoekin edo animaziozko pelikulekin lotura duten argazkiak bidali beharko dituzte parte-hartzaileek. Horien artean bi ikastaro trinko zozkatuko ditugu.

Bideo-jokoak edota animaziozko filmak gustuko dituzuenok ezin duzue Gazteak eta DigiPenen antolatutako lehiaketa galdu. Oraingo honetan ez dizuegu esfortzu gehiegirik eskatuko, argazki bat bidaltzearekin nahikoa izango da. Hori bai, argazki horretan bideo-jokoren edo animaziozko pelikularen batekin zerikusia duen irudiren bat islatu beharko duzue, ekainaren 15a baino lehen. Ordainetan, sari potolo bi egongo dira jokoan.

Hamabost urtetik gora izatea eta ingelesa menperatzea dira lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarrak. Izan ere, oparituko ditugun bi ikastaroak ingelesez emango dira.

NOLA PARTE HARTU

Zuek aukeratutako argazkia mail bidez jasoko dugu, gazteadigitala@eitb.eus helbidean. Garrantzitsua da izen-abizenak, adina, posta elektronikoa, telefonoa eta argazkiaren iruzkina atxikitzea.

SARIAK

Esan bezala, bi ikastaro zozkatuko ditugu: bata, bideo-jokoen programazioari buruzkoa, eta bestea, arte digitala eta animazioa oinarri dituena.

Hala, lehenak bideo-jokoak sortzen erakutsiko dio ikasleari, betiere, DigiPen editorea erabilita. Bigarrenean, berriz, profesionalek animazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknikak eta erremintak ezagutuko ditu ikasleak, proiektu praktikoen bidez.

IKASTAROAK

Bata zein bestea ikastaro trinkoak dira, eta ekainaren 20an hasi eta uztailaren 1ean bukatuko dira. Hain zuzen ere, 50 orduko ikastaroak dira biak.

Horrela bada, lehiaketa honek bi irabazle izango ditu; horietako batek bideo-jokoen programazioari buruzko ikastaroa egingo du, eta besteak, arte digitala eta animazioa ardatz dituena.