Ibilaldia 2016k kanta eta bideoklipa aurkeztuko ditu bihar
Maiatzaren 29an iritsiko da Bizkaiko ikastolen aldeko festaren, hots, Ibilaldiaren, edizio berri bat. Bi hilabete pasatxo falta dira, hortaz, hitzordu garrantzitsu horri hasiera emateko, baina durangarrak lanean dira dagoeneko, maiatzaren 29koa egun berezia izan dadin.
Izan ere, Bizkaiko aipatu udalerriari egokitu zaio oraingo honetan Ibilaldia antolatzea, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolei, hain justu.
Hori horrela, egitarauaz hitz egiteko azkar bada ere, abestia eta bideoklipa ordu gutxiren buruan ezagutuko ditugu, bihar bertan egingo baitute aurkezpen ofiziala. Lehendabizi, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute, 11:00etatik aurrera. Arratsaldean, berriz, Kurutziaga ikastolan egingo dute aurkezpen "masiboa".
Leloa
"Dagigun!" leloari eutsita ospatuko da aurten Ibilaldia. "Ekintzarako gonbite" gisa definitu dute antolatzaileek leloa.