'Thinking football' ekimenak film laburren lehiaketa antolatu du
Thinking Football Film Festival jaialdia hartuko du Bilboko BBK Salak, apirilaren 4tik 19ra. Han, futbola ardatz duten hainbat herrialdetako dokumentalak egongo dira ikusgai.
Athletic Club Fundazioak eta BBK Salak antolatuko dute laugarren edizioa, Bilboko Udalaren laguntzarekin, eta, besteak beste, Espainiako Estatuan argitaratu gabeak izan diren film laburrak emango dituzte.
Horren harira, antolatzaileek lehiaketa baten berri eman dute. Adin guztietako jendeari zuzendutako erronka bada ere, batez ere, gazteengan izan dezake interesa. Izan ere, "Thinking Football" gaiari helduta, asko jota bi minutuko iraupena duen film labur bat grabatzean oinarrituko da lehiaketa.
Hala, apirilaren 6a orduko aurkeztu beharko dituzte euren lanak parte-hartzaile guztiek. Edozein generotako lanak onartuko dira: fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak...
Epaimahai batek erabakiko du norentzat izango diren jokoan dauden 1.200 euroak. Gainera, saridunaren dokumentala San Mamesen emango dute, partidua dagoen egun batean, eta, nola ez, irabazleak norgehiagokarako gonbidapena ere jasoko du.