Oihan Vegak girotuko du Binakako Txapelketako partidua, ostiralean

Pilotak ez ezik, musikak ere hartuko du lekua ostiral iluntzean Bilboko Bizkaia frontoian. Gaztean partidurako sarrerak zozkatuko ditugu.

Datorren ostiralean pilota partidu garrantzitsua hartuko du Bilboko Bizkaia frontoiak. Binakako Txapelketaren baitan, Bengoetxeak eta Untoriak jokatuko dute, Victor eta Beroizen aurka.

Une honetan sailkapenaren azken postuan daude Beroiz eta debuta egin berri duen Victor pilotari errioxarra, baina gogotsu aterako dira frontoira bosgarren sailkatuen kontrako partiduan puntu bat lortzeko asmoz.

Pilotak ez ezik, musikak ere izango du lekurik ostiraleko norgehiagokan. Izan ere, partiduari hasiera eman aurretik, 20:30 aldera, Oihan Vegaren musikak girotuko du frontoia. Gazteako disko-jartzaile ezagunak moda-modako kantuak taularatuko ditu bertantxe, gazteen artean giroa sortzeko helburuarekin.

Dakizuenez, gainera, Gaztean hainbat sarrera zozkatuko ditugu partidu horretara joan nahi duzuen guztion artean. Hain zuzen ere, 50 sarrera bikoitz banatuko ditugu.

Irabazleek txarteldegian bertan jaso beharko dituzte sarrerak, eta zerrenda ostegun eguerdian argitaratuko dugu Gaztearen webgunean eta sare sozialen bidez.

pilota kartela