Youtuberrak lehiaketaren finalak itxiko du Azokaren 50. edizioa

Gainera, besteak beste, Josu Bergara, Bi Bala, Sei Urte eta Etorkizun Beltza igaroko dira Ahotseneatik.

Luze eta zabal hitz egin dugu egunotan Durangoko Azokaren inguruan, eta oraindik ere zeresana emango du; behintzat, hurrengo orduetan.

Azken eguna bada ere, proposamenez gainez dator asteartea. Denetan garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Youtuberrak lehiaketaren finala. Udaberritik Gaztearen webgunean indarrean izan dugun lehiaketak sari-banaketa egingo du Azokan bertan, 19:00etatik aurrera. Jai erraldoia antolatu dute, non pertsonaia entzutetsuek eta, nola ez, Euskal Herriko youtuber ezagunenek hartuko duten parte.

Ruper Ordorikari eta Jon Mayari ere egingo diete lekua Areto Nagusiko ekitaldietan. Ahotsenean, berriz, Josu Bergara, Bi Bala, Sei Urte, Etorkizun Beltza eta beste hainbat taldek harrapatuko dute oholtza. Gainera, Irudienak Kameratoiaren sari-banaketa jasoko du. Bestalde, Korrontzi arduratuko da Plateruenako kontzertu-zikloa zarratzeaz.

Bukatzeko, literaturak zipriztinduko du Ahotseneako solasaldien gunea. Horrekin guztiarekin, 20:00ak aldera, amaitutzat emango dute Durangoko Azokaren 50. edizioa.