'B aldea' berezia eta Esne Beltzaren zuzenekoa, 4. eguneko nabarmenena
Gaztean egun berezia dugu gaurkoa. Aurreko urteetako ohiturari eutsiz, 'B aldea'k irratsaio berezia egingo du Durangoko Azokatik. 18:00etan abiatuko dute saioa Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek, eta ordubeteren buruan gonbidatu andana igaroko da Azokan bertan jarritako platotik. Hori guztia streaming bidez jarraitzeko aukera izango duzue Gaztearen webgunean.
Bien bitartean, Ahotseneako agertokian beren onena ematen jarraituko dute euskal taldeek eta bakarlariek. Hutsa, Niketz, Han, Sueder, Skasti eta Kometa dira, hain zuzen, kantu berriak taularatuko dituzten taldeetako batzuk. Hala eta guztiz ere, aipatutakoak ez dira Ahotsenea bisitatuko duten musikari bakarrak izango.
Zinemak ere berebiziko garrantzia izango du gaurko honetan. Irudienenean Loreak filmarekin lotutako elkarrizketa-saioa egingo dute, 12:00etan. Gainera, leku berean, baina kasu honetan arratsaldean, Pikadero filma estreinatuko dute.
Szenatokian antzezlan interesgarria iragarri dute gaurko: Eskutitzak. Bukatzeko, solasaldien tartean, Bide Ertzeanen eta Miren Amurizaren berbaldiak izango dira eguneko plater nagusiak, baita Harkaitz Canok, Oier Aranzabalek eta Rafa Ruedak egingo duten mahai-ingurua ere ("Nola egin abesti baten bertsioa, bidean galdu gabe").