Zarautz surf zinemaren topaleku bihurtuko da urriaren 2tik aurrera

Urriaren 4ra arte, surfarekin zerikusia duten filmak emango dituzte aipatu udalerrian. Besteak beste, zenbait euskal surflarik ekoitzitako lanak egongo dira ikusgai.

Zarautzek surf zinemaren lehendabiziko edizioa hartuko du urriaren 2tik 4ra. Modelo aretoan izango dira emanaldiak, eta pelikula guztiek surfa izango dute ardatz.

Hala, azken urteetako dokumental onenak zein Euskal Herriko hondartzetan aritzen diren surflariek ekoitzitako pelikulak emango dituzte.

Adibidez, Aritz Aranbururen eta Indar Unanueren lanak egongo dira ikusgai aipatu egunetan, Zarautzen. Halaber, ezustekoak ere izango direla iragarri dute antolazatileek.

Sarrerak

Sarrerak bi euroan egongo dira salgai txarteldegian, eta egunean bertan erosi beharko dira.