Gazteako saio guztiak streaming bidez emango ditugu larunbat honetan
Mende laurden beteko du martxoaren 21ean Gazteak. Horregatik, hots, 25 urte ez direlako egunero betetzen, merezitako omenaldia jasoko du irratiak larunbatean.
Goizeko egitaraua
Goizetik hasi eta gauerdira arte, Gazteako saio guztiak streming bidez jarraitzeko aukera izango duzue gure webgunean.
07:00etatik 10:00etara irrati-formulak hartuko du lekua, Julen Idigorasen eskutik. Eguna musikarekin girotuta hasteko aukera eskainiko digu Idigorasek.
10:00etan urtebetze-festa antolatuko dute 'Dida' saioan. Festa aparta egingo dute saioko aurkezle eta kolaboratzaileek, eta, nola ez, lehiaketa bereziak prestatuko dituzte.
Eguerdian 'Top Gaztea'ri gordeko saio dagokion lekua. 15:00ak arte, Oizeder Mayo, Joseba Sacristan eta Maider Gorostegi izango dira, zuzenean, azken urteotan zerrendako lehendabiziko postura iritsi diren abestien atzera begirako saioa egiteko. Gainera, Altxaturen bisita izango dute. Talde nafarrak kantu bat oparituko dio Gaztari 25. urtebetetzean.
Arratsaldeko egitaraua
Arratsaldea Xabier Doncelen eta Ainhoa Urretabizkaiaren konpainian hasiko dugu. 'B aldea' saio berezia 16:00ak arte luzatu dute. Maketa Lehiaketa ardatz hartuta egingo dute larunbateko saioa. Hori horrela, azken urteotako irabazleetako batzuk elkarrizketatuko dituzte. Horretaz aparte, Seiurte taldeak emanaldi akustikoa eskainiko du.
'Gaztea Go' saioaren txanda iritsiko da ondoren, 16:00etatik 18:00etara, hain justu. Azken 25 urteotan dantzalekuak astindu dituzten kantuei esker, gerria mugitzeko aukera emango die Joseba Sacristanek entzule eta ikusleei.
Bestalde, 'Ze Martxa'k beteko du larunbateko egitarauaren zati handi bat. 18:00etan hasi eta 20:00ak jo arte, Ibon Fernandez eta Anttton Telleria sartuko dira estudioan. Lain taldea ere han izango da, eta gonbidatu berezien baldarkeriek leku garrantzitsua edukiko dute.
Bukatzeko, 'Akabo Bakea' izango da larunbatean streaming bidez jarraitu ahal izango duzuen azken saioa. 20:00etan hasita, bi orduko saioa prestatu dute Amaia Artetxek eta Julen Telleriak. Ohiko kolaboratzaileek ere hartuko dute parte egun horretarako antolatu duten kanpin-gauan; besteak beste, Luziak mahai-gainean jarriko dituen sexu-kontuek, Nakorren abenturek eta Egoitz Fanoren misterio-ikerketek gau dibertigarria igarotzen lagunduko digute.
Niki Romeroren eta Pete Tongen saioek itxiko dute egitaraua.
Aurretik aipatutako guztia zuen konpainian bizi nahi dugu. Hori dela eta, esan bezala, saio guztiak zuzenean emitituko ditugu.
Zorionak Gaztea!