Durango, euskal kulturaren plaza

Ostiraletik astelehenera, bi egunak barne, euskal musikaren eta literaturaren agertoki bihurtuko da Bizkaiko udalerria, eta eitb.eus-en jarraipen berezia egingo diogu han gertatzen den guztiari

Bihar zabalduko ditu ateak Durangoko Azokaren 49. edizioak, eta astelehenera arte (bi egunak barne) euskal kulturaren topagune izango da Bizkaiko udalerria.

Aurten, okzitaniera ere entzungo da Azokako guneetan, horixe izango baita aurtengo herrialde gonbidatua, Okzitania. Euskararen eta okzitanieraren arteko ezagutzan sakontzeko egitaraua prestatu dute aurten.

Argizaiola saria, bestetik, Anuntxi Aranak jasoko du; Angelun bizi da eta euskal mitologiari buruzko lanak egin ditu. Haren lan nagusia, Orozko Haraneko kondaira mitikoak bilduma eta azterketa tesia, 1996koa da.

245 erakusmahai eta 150 kultur ekitaldietan, 500 sortzailek parte hartuko dute. 132 partaide joango dira aurten Durangora, eta, horien alboan, 16 autoekoizle etorriko dira aurten lehenengoz, Gerediaga Elkarteak bereziki prestatu dien gunera.

Berrikuntza askotxo egongo dira guneetan; Irudienean, Ahotsenean, Plateruenean, Saguganbaran, Szenatokian, Kabi@n, Azoka TBn eta Areto Nagusian.

Autoekoizpena

Durangoko Azokak autoekoizpenari zuzendutako gune berezia izango du aurten, lehendabizikoz. Horrela, sortzaileen beharrizanei zein joera berriei erantzuteko beste aukera bat zabalduko du Azokak. Izan ere, geroz eta gehiago dira autoekoizpenaren bidea hautatzen duten artistak.

Kartela

Marta Cardenas margolariari egokitu zaio aurtengo kartela diseinatzea. Madrilen eta Parisen ikasketak burutu ostean, 1974an bere bigarren erakusketa aurkeztu zuenetik, lotura berezia dauka Cardenasek Durangorekin.

Durangoko Azoka 2014

Ahotsenea

Azokaren baitan egon ohi den Ahotsenea sortzaileen gunea euskal idazleen eta kantarien topaleku bihurtuko da, abenduaren 5etik 8ra arte.

Esan bezala, literatura oinarri duten solasaldiek eta errezitaldiek zein formatu laburreko musika kontzertuek izango dute lekua han. Besteak beste, Juantxo Skalari & La Rude Band, Xaiko, Eskean Kristo, Skakeitan, En Tol Sarmiento, Enkore, Iheskide, Tania de Sousa, Altxatu, Itziarren Semeak, KX, Emon, Xabi Solano, On eta Berri Txarrak pasatuko dira agertoki gainetik.

Hemen duzue egitaraua.

Plateruena

Plateruena Kafe Antzokian ere hainbat zuzeneko egongo dira. Hesian eta Vendetta igoko dira agertoki gainera lehenengo egunean. Egun bat geroago, abenduaren 6an, Hegoak Erein (Plateruenaren 10. urteurreneko ikuskizuna) egongo da. Bertan, besteak beste, Gorka Urbizu, Anari, Kukai, Gose, Danele Sarriougarte, SeiUrte, Paddy Rekalde eta DJ, Amets Arzallus eta Miren Amuriza arituko dira, eta abenduaren 7an Gatibu taldeak eskainiko du kontzertua.

Kontzertu guztietarako sarrerak zozkatuko ditugu Gaztean.

Musika nobedadeak

Liburuei ezinbesteko lekua gordeko diete. Dena den, Gaztearen ildoari eutsiz, aurtengo musika estreinaldietan jarriko dugu arreta batik bat.

Baga-Biga, Gor, Elkar, Bonberea Ekintzak, Gaztelupeko Hotsak, Jangura Produkzioak, Mauka, 5 Gora, Maldito Records, Bidehuts eta Topatu zigiluen eskutik helduko dira euskal taldeen eta bakarlarien diskoak.

Kontsultatu Gaztean nobedadeen zerrenda.

Jarraipen berezia, eitb.eus-en eta Gaztean

Ostiraletik astelehenera arte eitb.eus-ek eta Gazteak jarraipen berezia egingo diote Azokari. Gaztean, streaming bidez emango ditugu Ahotseneako eta Plateruenako kontzertu denak.

Gainera, ostiralerako 'B aldea'k irratsaio berezia prestatu du. 19:00etatik aurrera Durangon izango dira Ainhoa eta Xabi, eta Gaztearen webgunean zuzenean emitituko dugu saioa. Besteak beste, Gose, Gatibu, Ruper Ordorika eta Berri Txarrak gonbidatuko dituzte. Horretaz aparte, Ibon Fernandezek hainbat nobedade aurkeztuko ditu, Harkaitz Canorekin Black is Beltza proiektuari buruz hitz egingo dute eta Xabier Solanoren Trikitixa liburua ere eramango dute hizpidera. Halaber, Ainhoak zuzeneko konexioak egingo ditu, Gaztea Irratirako.

Horretaz aparte, eitb.eus-en, Durangoko Azokaren webgune berezian, informazio dena zabalduko dugu, baita Ahotsenearen gunean ere eta Gaztea.eus-en ere.

Bukatzeko, hurrengo asteetan EiTB Nahieranen izango dituzue ikusgai Azokarekin lotutako eduki guztiak.