Gaztea Dantzan lehiaketak marka guztiak hautsi ditu
Duela hilabete abiatu genuen Gaztea Dantzan lehiaketa. Gutxienez 30 segundoko koreografiak eskatu genizkien irakurle eta entzuleei, eta erantzun hobezina jaso dugu haien partetik.
Hego Euskal Herriko txoko guztietatik iritsi zaizkigu bideo-lanak, eta Ipar Euskal Herriko jarraitzaileen parte-hartzea faltan bota dugun arren, oraingo honetan ere, oso pozik gaude izandako arrakastarekin. Horregatik, lehendabizi, eskerrak eman nahi dizkiegu lehiaketa hau posible egin duzuen guztioi.
Guztira, 70 koreografiatik gora bidali dituzue, eta Bizkaiak aise irabazi die gainerako probintziei. Besteak beste, Bilboko, Portugaleteko, Gernikako, Lekeitioko, Bermeoko, Basauriko eta Berrizeko bideoak iritsi zaizkigu.
Gipuzkoarrak ere ez dira atzean geratu, eta Donostiatik, Zarauztik, Oriotik, Zestoatik, Oiartzundik, Pasai Donibanetik, Oñatitik eta Eskoriatzatik jaso ditugun lanei esker, lehia bizia egongo da aipatutako probintzien artean.
Araban eta Nafarroan parte-hartzea ez da horren handia izan, halere, koreografia apartak heldu dira handik ere.
Hurrengo fasea
Azaroaren 4an irekiko dugu bozketa-fasea, eta hilaren 12ra arte egongo da zabalik botoa emateko epea. Zuen botoekin, Entzulearen Saria erabakiko duzue, eta azaroaren 13an "Dida" saioan iragarriko dute irabazlearen izena.
Ordura arte; hots, gaurtik azaroaren 4ra bitartean, epaimahai batek lehen aukeraketa egingo du, bozketa-fasean egongo diren 20 bideoak zein izango diren erabakitzeko.
Sariak
Entzulearen Sariaren irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak, 500 euro, eta hirugarrenak, 300 euro.
Bestalde, Epaimahaiaren Saria jasotzen duen taldeak 750 euro eramango ditu, eta 500 euro lortuko ditu garaile ateratzen den bikote edo bakarlariak.
Beste barik, eskerrik asko berriro ere, Gaztea Dantzan parte hartu duzuen guztioi!