Edukiz gainezka dator Gazteako udako programazioa

Nobedadeak ditugu Gazteako saio gehienetan. Aurkezle berriak, freskotasuna eta beroari aurre egiteko eduki dibertigarriak izango ditu udako programazioak.
irudirik gabe
irudirik gabe

Galtza motzak, soinekoak eta sandaliak jartzearekin batera agur esan diogu neguari, baita irratian ere, ekainaren 30etik aurrera udako programazioa estreinatuko baitugu.

Eguna informatuta eta umore onean hasi nahi baduzue, Gaztea piztu besterik ez duzue egin behar. Izan ere, 08:00etatik 11:00etara, Julen Telleria eta Amaia Artetxeren konpainia bikaina izango duzue "Dida Fresh!" saioan. Hori gutxi ez, eta saioa are dibertigarriagoa izateko, kolaboratzaile berri bati irekiko dizkiogu ateak udan. Julian Iantzi izango da, hain zuzen, udako "Dida" saioaren hirugarren aurkezlea.

Bilbao BBK Live jaialdian ere sartu-irtena egingo dugu. Uztailaren 10etik aurrera, sakon eta argi azalduko dizuegu han gertatzen den guztia. Ainhoa Urretabizkaia Kobeta mendian egongo da, bertako jai-giroa irratira zuzenean eramateko. Beraz, prestatu belarriak!

Arratsalde beroei eta sargoriei bustialdi eder bat ere emango diegu: Joseba Sacristanek, Ainhoa Vitoriak eta Aitziber Izagirrek martxa bizian jarriko gaituzte! Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik aurrera, "Ze martxa!" saioa gidatuko dute.

Eta gauez ahaztu garela uste baduzue, gaizki zabiltzate, Joseina Etxeberriaren "Sofa Horia"n eseri, etzan eta salto egingo baitute gure entzuleek. Atzoko, gaurko eta biharko "hit" onenekin gozatuko duzue, Maider  Gorostegiren eta Ainhoa Urretabizkaiaren proposamen zirraragarriekin musikaren beste aldea ezagutuko baituzue.

Asteburuetan ere dantzatzea behar-beharrezkoa izango da. Oihan Vegak Euskal Herriko zerrendarik famatuena osatuko digu, larunbat goizetan, "Top Gaztea" saioan, eta Joseba Sacristanek, berriz, dantzarako pistak sutan jarriko ditu larunbat arratsaldetan "GazteaGo" saio mundialari esker.

Ikusten duzuenez, uda bero-beroa pasatzeko ez duzue urrutira joan behar, Gazteak erraz berotuko zaituzte eta!