Hasi da Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketan izena emateko epea

Bilboko Udalak Europa mailako pop-rock lehiaketa entzutetsua abian jarri du aurten ere.

Txapelketa hau batez beste 35 urte baino gutxiagoko kideak dituzten taldeei zuzenduta dago. Era berean, parte hartu nahi dutenek ezin dute kalean disko bi baino gehiago izan, ezta aurreko edizioetako edozein modalitatetan lehen saria irabazita izan ere.

Urtero bezala, hiru modalitate egongo dira: Pop Rock, Metal eta Elektronika eta beste joera batzuk. Taldeek horietako batean izena eman beharko dute maiatzaren 15a baino lehen.

Epaimahaiak hautatutako bandek irail eta urrian zehar kontzertua eskainiko dute Bilborock aretoan, eta azkeneko fasera igaroko diren taldeak Bilboko aretoan norgehiagokan arituko dira azaroan.

Parte hartu nahi dutenek www.bilbao.net/bilborock webgunean eman beharko dute izena.