Zabalik da Gaztearen Maketa Lehiaketara kantuak bidaltzeko epea
Dagoeneko abian da Gaztearen Maketa Lehiaketaren XXIII. edizioa. Hasi gara jada parte hartzaileen kantuak jasotzen, eta apirilaren 3ra arte luzatuko dugu epea. Hortaz, zuen abestiak bidaltzeko asmoa baduzue, hasi lanean!
Maiatzean bukatuko da aurtengo Maketa Lehiaketa. Hain zuzen ere, maiatzaren 16an egingo dugu finala, Bilborock aretoan. Egun horretan, entzuleek aukeratutako bi taldeak eta epaimahaiak hautatutako beste hiru artistak igoko dira Bilborockeko oholtza gainera. Han, zuzenean aurkeztuko dituzte kantuak, eta orduantxe jakinaraziko ditugu irabazleen izenak.
Aurreko urteetan bezala, bi sari egongo dira: bata, Entzuleen Saria, eta bestea, Epaimahaiaren Saria. Irabazleak diruz sarituko ditugu, eta, gainera, epaimahaiak aukeratutako taldeak edo bakarlariak Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du. Iaz, Skasti taldearentzat izan ziren bi sariak.
Zeren zain zaudete? Hasi zuen kantuak prestatzen, Maketa Lehiaketaren XXIII. edizioa abian da!