Gazteako denboraldi berria indartsu dator

Musika eta entretenimendu onenaz gozatzeko aukera eskainiko dizu Gazteak, astelehenetik igandera
Gaztea taldea, 2013-2014. Argazkia: EiTB
Gaztea taldea, 2013-2014. Argazkia: EiTB

Indartsu ekingo diogu denboraldi berriari Gaztean. Orain arte izandako arrakastari eutsi nahi diogu aurten ere; beraz, kalitatezko saioak eta musika onena eskainiko ditugu.

'Dida!' saioarekin hasiko dugu eguna, 07:00etatik 10:00etara. Joseina Etxeberriaren gidaritzapean, Jon Gotzon, Ainhoa Vitoria eta Edurne Garmendia arituko dira lanean, goizak umore paregabez astintzeko. Konplizitatea lortu nahi dugu entzuleekin. Hori dela eta, sare sozialez gain, kalera ere irtengo gara, institutu, eskola eta plazetan zein gai larrutzen ari diren zuzenean jakiteko. Gainera, musika-nobedadeak, teknologia arloko gaiak eta lehiaketak ere jorratuko ditugu, irribarrea galdu gabe.

Entzuleek zuzenean parte hartzeko aukera izango dute arratsaldean. Iaz estreinatu genuen 'Ze martxa' saioak bi ordu iraungo du aurten, 18:00etatik 20:00etara. Ibon Fernandezen eskutik, entzuleek sare sozialen bidez bidalitako mezuak jaso eta irakurriko ditugu, baita Whatsapp eta e-mailak ere.

Ondoren, Gaztearen 'B Aldea'ri zabalduko diogu tartea, 20:00etatik 21:00etara. Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek gidatutako magazinak musika desberdina, talde berriak, jaialdiak eta Euskal Herriko taldeak ekarriko dizkigu, besteak beste. Ostiraletan, 'B Aldea Highlights' edizio bereziaz gozatzeko aukera izango dugu.

Eguna bikain amaitzeko, 'Akabo!' saioa eskainiko digute Amaia Artetxek eta Julen Telleriak. Musika dantzagarriaz gain, gazteei gehien axola zaizkien gaiak garatuko dituzte, entzuleen konfiantzazko lagunak izan nahi dutelako Julenek eta Amaiak. Gurasoek ez dute tokirik 'Akabo!'n. Atal berriak prestatu ditugu: Euskal Herriko frikien mapa osatuko dugu 'Frikien planeta'n, eta 21 urtetik beherako abeslariek talentua erakusteko aukera izango dute 'Talentu berrian bila' lehiaketan.

Asteburuan, inoiz baino Gazteago

Disko-jartzaile onenen lana aurkeztuko digu Ibon Fernandezek 'Pop Track' programan, ostiralero, 21:00etatik 22:00etara. Gonbidatu berezi baten saioa entzun ahal izango dugu, hilean behin.

Jarraian, doinu gazteenen txanda izango da, 'Gaztea Go'n. Dance musika atsegin baduzu, hitzordua duzu Joseba Sacristanekin, ostiralero, 22:00etatik 24:00etara.

Oihan Vegak eta Joseba Sacristanek entzuleak lanean jarriko dituzte larunbatetan, 'Top Gaztea' zerrenda osatzen laguntzeko, 12:00etatik 14:00etara. Halaber, Maider Gorostegik 'Top Dance' zerrenda errepasatuko digu, arrakasta berrienak aurkezteko.

Saio bereziak

Munduan barrena bidaia egingo dugu aurten ere. Aitcher Clark eta Arkaitz Basterra disko-jartzaileek 'Cool Klub' saioa ekarriko digute, Txekiar Errepublikatik, larunbatetan, 22:00etatik 23:00etara. Europako dantza-pistak astintzen dituen musika ezagutuko dugu.

Horrez gain, Ibizako izan handienetako bat fitxatu dugu Gaztean: Pete Tong disko-jartzailea. Musika elektronikoa gustuko dutenek ezagutuko dute artista britainiarra. Urte mordoa darama BBC-1 irratian lanean, baita munduko diskoteka ezagunenetan ere. Aurten gurean ere arituko da erritmo dantzagarrienak aurkezteko, larunbatetan, 23:00etatik 01:00etara: 'All Gone Pete Tong Radio Show'.

Azkenik, DJ Makalak izango du asteari amaiera paregabea emateko ardura, Gaztean. Munduari bira emango dio igandetan, herrialde askotako erritmoak 'Boom Shaka Laka' saioan aztertzeko. Ez ahaztu hitzordua 23:00etatik 24:00etara izango dela.