PS4 eta Xbox One kontsolak iritsi dira

'Electronic Entertainment Expo' azokak berrikuntza ugari ekarri dizkigu. Los Angelesen iragarritako guztiaren berri eman digu Xabi Unanuek.
Xbox One aurkezpena
Xbox One aurkezpena

Sony eta Microsoft konpainiek produktu berriak aurkeztu dituzte 'Electronic Entertainment Expo' azokan, Los Angelesen. PS4 (Sony) eta Xbox One (Microsoft) kontsolen inguruko xehetasun guztiak ezagutu ahal izan ditugu. Ezaugarri teknikoei dagokienez, zortzi nukleoko prozesadoreez gain, txartel grafiko ahaltsuak dituzte, nahiko antzekoak. Prezioa, ordea, desberdina dute: PS4 kontsolak 400 euro balio du; Xbox One gailua, aldiz, 500 euroren truke erosi ahal izango dugu.

Azokan jasotako datuak aztertzen baditugu, PS4 gailendu dela esan genezake. Izan ere, ez du Interneterako konexioa eskatuko etengabe, kontsolan jolastu ahal izateko; bestalde, ez ditu mugak jarriko bigarren eskuko jokoak erabiltzeko. Xboxak gune multimedia garrantzitsua prestatu du, eta Kinect kameraren erabilera handitu nahi du.

Honako hau da bi kontsolen ezaugarri ezkorrena: parte hartzaile batek baino gehiagok aldi berean erabili ahal izateko, hileroko kuota ordaindu beharko da. Ordainetan, zerbitzu eroso, eta interesgarria jarriko omen dute martxan bi enpresek.

Jokoak

Hasieran erabili ahal izango ditugun jokoek ez dute kontsolaren potentzia osoa erakutsiko, baina dendetara iristen direnerako sorta ederra topatuko dugu: hala nola, EA etxearen kirol jokoak edo ''Square Enixen Kingdom Hearts'' jolasa. Era berean, Play Station kontsoalren alde egiten duzuenok izan kontutan izen propio hau: Knack!