Jare taldearen akustikoa eta Cabacasi buruzko dokumentala, Bilbon
Athletic eta Schalke 04 partida amaitu ostean, gomazko pilota baten inpaktuaren ondorioz hil zen Iñigo Cabacasi omenaldia egingo diote gaur, Bilbon. Gazte basauriarraren heriotzaren urteurrenean, ekitaldi berezia antolatu dute, Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokian.
19:00etan hasiko da omenaldia, eta sarrera doakoa izango da. Jare taldeak, Athleticeko jarraitzaile ohiari eskainitako "Zu lagun" kantua abestuko du. Gainera, Karlos Trijuekek Cabacas kasuaren inguruan zuzendutako dokumentala emitituko dute, eta bertsolariak ere izango dira.
Kafe Antzokiko omenaldia alde batera utzita, hainbat musikariren babesa jaso dute Iñigo Cabacasen familiak eta lagunek. Besteak beste, Kaotikok, Su Ta Garrek, Gatibuk, El Drogasek, Betagarrik, Ska-Pk, Hamletek eta Surfin Kaosek "justizia" aldarrikatu dute, Jare taldearen azken bideoklipean.