Parte hartu Kilometroak jaialdirako sortu den bideo lehiaketan

Ikasle Batzordeak lehen ekitaldia sortu du: Ahora! bideo lehiaketa proposatu du, Kilometroak jaialdirako, festaren leloari jarraiki.

Ikasle Batzordeak Kilometroak jaialdirako bideo lehiaketa sortu du.

Ikasle Batzordeak lehen ekitaldia sortu du: Ahora! bideo lehiaketa proposatu du, Kilometroak jaialdirako, festaren leloari jarraiki.

Tolosako Kilometroak berrikuntzaz beteta datoz. Horietako bat Ikasle Batzordearen osaketa izan da; egon, aurretik ere bazegoen, eta zenbait zereginetan lagundu izan du orain arte (azkenengoz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 25. urteurreneko festan  lagundu zuten bertako kideek), baina oraingoa da beraiek propio antolatu duten lehen ekitaldia.

2013ko Kilometroak jairako bideo lehiaketa antolatu du Ikasle Batzordeak. Gaia ‘Ahora!’ da, aurtengo Kilometroak ikastola jaialdiaren leloa. Bideoak, gehienez, bost minututako luzerakoa izan behar du, eta edozein formatutan aurkeztu daiteke, gailu mugikorrekin, bideo kamerarekin edo bestelako euskarri batekin grabatuta, esaterako. Bideoan edozeinek parte har dezake, adin guztietako jendeak.

Lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, Tolosako Laskorain ikastolako idazkaritzan edo Kilometroak jaialdiko webgunean aurkeztu behar da bideoa, izena, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztuta, maiatzaren 10aren aurretik betiere.

Bideo lehiaketa irabazten duenak sari potoloa jasoko du: 500 euro dirutan eta Getariko Askizu aterpean 20 lagunentzako egonaldia (otorduak kanpo) edo tableta bat. Bigarren postuan geratzen den bideoaren sortzaileek 250 euroko saria jasoko dute. Informazio gehiago Kilometroak jaialdiaren webgunean aurki daiteke.