'Txapela Buruan' saioaren castingak EITBren egoitza bete du

Lau gaztek Europatik barrena egingo duten ibilbidea kontatuko du saioak, eta bidaiari izan nahi duten lagun ugari bildu da EITBko egoitzara.
Txapela Buruan | Argazkia: EITB
Txapela Buruan. Argazkia: EITB

10:00etan ireki ditu ateak EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoak. Ordu horretan sartu dira 'Txapela Buruan' saiorako lehen hautagaiak. Euria den arren, harrera gaztez bete da, eta 18:00ak bitartean ehun lagunetik gora pasa dira bertatik, castingeko galderak erantzun, eta abentura berri bati ekiteko prest.

Martxoan estreinatuko du ETB-1ek 'Txapela Buruan' saio berria. Castingetik aukeratutako lau gazteek 15 egunetako InterRail bidaia egingo dute, eta Europan barrena izandako esperientzia erakutsiko du saioak.

Abentura honetako partaide izateko, hautagaiek leku eta jende berria ezagutzeko grina, komunikatzeko abilezia eta esperientzia gozatzeko gogoa dutela erakutsi diete saioko arduradunei. Gazte ugari hurbildu da Euskal Herriko txoko guztietatik: batzuk urduri, beste batzuk ez horrenbeste, baina ziur aukeratutako lau lagunek momentu onak pasaraziko dizkigutela.

Astearte honetan jakingo ditugu aukeratuen izenak, eitb.comeko eta Kutxabankeko webguneetan: Vital Kutxa, Kutxa eta BBKko atarietan izango duzu informazioa eskuragarri.