Teknologia eta sare sozialen munduan murgildu gara Xabi Unanuerekin

Azken egunotan hedaturiko albisteen arabera, Facebookek Whatsapp aplikazioa erosi nahi du.
Xabier Unanue. Argazkia: EITB

Teknologia arloko azken nobedadeak kontatzen dizkigu astero Xabi Unanue ‘@bildua’ Euskadi Irratiko saioko gidariak. Gaur esan digunaren arabera, Facebookek Whatsapp aplikazioa erosteko asmoa du, 100 milioi erabiltzaile dituen mezuen aplikazioak mugikortasun arloan onurak ekarriko dizkiolakoan. Izan ere, inoiz ez du asmatu nola egokitu bere produktua aparailu eramangarrietan. Horrez gain, sortu berri den Line aplikazioak 80 milioi erabiltzaile lortu ditu. Izan ere, Whatsappen arerio handienak 10 milioi erabiltzaile berri lortu ditu azken hiru asteetan.

Era berean, efemeride garrantzitsua ekarri digu gaur gogora: SMS mezuek 20 urte bete dituzte. Lehena Britainia Handitik bidali zuten, 1992ko abenduaren 3an, eta "Merry Christmas" jartzen zuen. Mezua bidaltzea oso garestia zen; merkeagoa zen, adibidez, Hubble teleskopiotik informazioa jasotzea.

Azkenik, albiste bitxi bat kontatu digu: aita santuak kontua estreinatu du Twitter sare sozialean, @pontifex. Oraindik mezurik bidali ez duen arren, 150.000 jarraitzaile ditu dagoeneko. Abenduaren 12an bidaliko du lehen mezua, eta fedea hedatzeko erabiliko du kontua.