Hemen da Bilbao BBK Live jaialdia!
Ate-joka dugu dagoeneko Bilbao BBK Live jaialdia. The Cure, Radiohead, Keane eta beste hainbat artista arituko dira zuzenean uztailaren 12tik 14ra, Kobetamendin. Egun horietarako prestaturiko azpiegituraren berri eman du antolakuntzak.
Artistei dagokionez, zenbait datu interesgarri jakinarazi dituzte. The Cure taldeak, esaterako, 80 langile ekarriko ditu, baita materiala garraiatzeko trailer bat ere. Radioheadek, era berean, 75 behargin izango ditu ostiralean eskainiko duen kontzerturako. BItxikeria gisa, musikari asko begetarianoak direla kontatu dute eta, beste askok, berriz, ardo frantziarrak eskatzen omen dituzte.
Azpiegitura konplexua aurreikusi dute antolakuntzako kideek. 100.00 metro karratu izango ditu Kobetamendiko esparruak. Horietatik 40.000 kanpaldirako izango dira eta 5.000 lagunentzako tokia eskainiko dute. 120 komun eta 8 barra ere ipiniko dituzte ikusleentzat. Janari eskaintza anitza prestatuko dute: taloak, hanburgesak, parrilla argentinarra eta goitartekoak, besteak beste.