Martxan da Gaztearen Bideoklip Lehiaketa
Gazteak lehiaketa berri bat jarri du martxan. Oraingo honetan bideoklipak izango ditugu ardatz. Izan ere, gazte taldeek egindako bideoak jasoko ditugu gure webgunean eta koadrilen zein ikastetxeen arteko lehia nagusituko da.
Lehiaketa iragartzeko eta Michael Jacksonen "Thriller" bideoklipak 30 urte beteko dituela gogoratzeko, "Dida" saioko aurkezleek ere bideoklip bat grabatu zuten, baina, zuek, erabiltzaileok, nahi duzuen kantua aukeratu eta bideoklip dibertigarriak eta animatuak bidal ditzakezue.
Saria
Parte hartzen duzuen guztion artean sari potoloa dago jokoan, bideoklip irabazleak 3000 euro jasoko baititu.
Parte hartzeko baldintzak
Edonork parte hartu dezake Gazteako Bideoklip Lehiaketan. Bi bide dituzue bidoeklipak bidaltzeko: posta bidez (Gaztea, Miramon Pasealekua 172,
20014, DONOSTIA) zein eitb.com-era igota. Informazio gehiago oinarrietan duzue.
Epeak
Apirilaren 18an hasi eta maiatzaren 21era bitartean jasoko ditugu bideoklipak eta maiatzaren 24an bozketa fasea hasiko da. Egun batzuk geroago, Gaztea Irratiko "Dida" saioan iragarriko dugu irabazlearen izena.
Animatu eta parte hartu Gazteak antolatutako bideoklip lehiaketan!