Beldurrezko zinemaren zaleek Donostian dute zita larunbatetik aurrera

30 pelikulatik gora proiektatuko dituzte eta bestelako ekimenak ere izango dira.
Zombie Walk

Urriaren 29an, larunbatean hasi eta azaroaren 4an amaituko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XII. Astea. Laburmetraia eta luzemetraien artean 30 pelikulatik gora proiektatuko dira Gipuzkoako hiriburuko Principal Antzokian. Igandean, Halloween gaua bertan ospatzeko aukera izango dute beldurrezko zinemaren zaletuek.

Aurtengo edizioan The Prodigies, Sint, The Troll Hunter, Karate-Robo-Zaborgar eta The Theathre Bizarre filmak izango dira sail ofizialean besteak beste.

Hortaz gain, bestelako ekimenak ere egongo dira jaialdira hurbiltzen direnentzat: erakusketak, lehiaketak, moda desfileak... Nekrogune atalean, “Poteo of the dead” izango da ikuskizun berezienetakoa. Donostian aurreko urtean antolatutako Zonbie Walk
ofizialaren arrakastaren ondoren, bigarren edizioa prestatzen ari dira. Euskal kutsua ez du faltako, ordea. Alde Zaharreko kaleetan zehar poteatuko dute parte hartzaileek zonbie erara mozorrotuta.

Beldurrezko zinemaz gehien dakiena nor den erabakitzeko, Maste of Doom lehiaketa antolatu dute Nekrogunen eta Final Handia azaroaren 2an izango da Fnac-en. Komikiaren VIII. Jardunaldiak ere astebukaera honetan ospatuko dira Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barnean.