Gazteen lokalak bisitatuko ditu asteartero ETB-3ko 'Lokaleroak' saioak
Aspaldi iragarri genizuen bezala, ETB-3ko "Lokaleroak" saioak Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko ditu gazteen koadrilak non eta nola biltzen diren gertutik ezagutzeko.
Hain zuzen ere, gaur hasiko den saio honek autogestioan oinarritzen diren lokalak nolakoak diren erakutsiko digu. Horretarako, baliabide gutxirekin, euren "txokoak" nola antolatzen dituzten azalduko digute hainbat koadrilek.
Lehen saioa gaur bertan emitituko da 22:30ean eta gaurkoan Urnietako, Gernikako eta Basauriko hiru lokal bisitatuko ditugu.
Gainera, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan astearteko "Lokaleroak" saioan azaldutako lokal bakoitzari buruzko saio berezi bana emitituko du ETB-3k.
Jarraipen berezia eitb.com-en
eitb.com-en jarraipen berezia egingo dio gaur gauean estreinatuko den "Lokaleroak" saioari. Aurki webgune berri bat estreinatuko dugu, astero bisitatzen ditugun lokalei buruzko informazio guztia jasotzeko, eta hori gutxi balitz, lehiaketa baten bidez, gure erabiltzaileek aipatutako lokalei buruz duten iritzia eman ahal izango dute.