'Denboraren makina': Bon Jovi taldearen 'Always'
1983an sortu zen Bon Jovi taldea Sareyvillen (New Jersey), eta hauek dira osatzen dute talde estatubatuarra: Jon Bon Jovi, Richie Sambora, David Bryan, Tico Torres eta Alec John Such. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ko hamarkaren hasieran lortu zuen arrakasta eta ospe mundiala taldeak, "It’s My Life", "Have a Nice Day", "Who says you can’t go home?" edo "Always" abestiei esker, besteak beste.
1986 urtean Slippery When Wet diskoa (1987an AEBetan diskorik salduena izan zen) kaleratu zuten. Lan honetako abestirik ospetsuena "Livin On a Prayer" abestia izan zen, eta VH1 kate estatubatuarraren arabera 80ko hamarkadako abestirik onena izan zen. Bi urte geroago New Jersey lana kaleratu zuten, eta aurrekoak bezala arrakasta handia izan zuen.
Atsedenaldi baten ondoren, taldea 1992an itzuli zen agertokietara Keep the Faith albumarekin. Lan hori aldaketa moduko bat izan zen taldearentzat, izan ere, 80ko hamarkadako metal estiloa alde batera utzi zuten, eta rock &' || ' roll estiloarekin jarraitu zuten. Disko honekin 10 milioi disko baino gehiago saldu zituzten. 1994ean Cross Road bilduma kaleratu zuten, eta honekin 5 milioi disko baino gehiago saldu zituzten lehenengo bost asteetan. Urte bat geroago, estudioko seigarren lana kaleratu zuen taldeak (These Days). Azken hau aurrekoaren antzekoa zen baina musika helduagoa zela esan daiteke, gai sozialetaz eta gai ilunez hitz egiten baitzuten abestietan. Erresuma Batuan diskorik salduena izan zen.
Bost urteko etenaldiaren ondoren, Crush izeneko lanarekin itzuli ziren musikaren mundura 2000 urtean. Disko hau aurrekoak baino askoz komertzialagoa izan zen, eta musikan izugarrizko aldaketa nabaritu zen, garai hortan nagusitzen zen pop-rock estilora hurbildu baitziren. Lan honetako abestirik aipagarriena "It’s My Life" izan zen. 2005ean Grammy sari bat jaso zuen taldeak, Jennifer Nettlesekin (Sugarland taldeko abeslaria) grabatu zuen "Who says you can’t go home?"kantuari esker. 2007an Lost Highway izeneko hamargarren albuma kaleratu zuten, baina honekin ez zuten hainbeste arrakasta lortu salmentei begira. Taldearen estudioko azken lana The Circle (2009) izan da, eta pop-rock estiloarekin jarraitu zuten. Honen ondoren, bilduma-diskoa kaleratu zuten 2010eko azaroan.