Programazio berezia, astelehenetik aurrera ETB-3n
ETB-3k udako programazio berezia ipiniko du martxan ekainaren 27tik aurrera. Musika-saioak eta fikzio telesail berriak izango dira protagonista datozen hilabeteotan.
Asteari ekiteko, ''Britannia High'' telesail musikala izango da ikusgai astelehenetan. ''Britannia High'' arte eszeniko eta dantza eskolan beren gaitasunak erakusten ahaleginduko dira sei nerabe. Ondoren, asteartetan, ''The Vampire Diaries'' telesailaren bigarren denboraldiaren txanda iritsiko da.
Asteazkenetan, ''Chuck'' mutil gaztearen istorioak helduko dira pantaila txikira. Gobernuaren operazio sekretuak gordetzen dituen artxiboa deskargatzen du bere burmuinean. Arriskutsua bihurtzen denez, bizimodua erabat sekretupean eraman beharko du.
Asteburuari begira, musika jaun eta jabe
Asteburuaren atarian, musikak hartuko du lekukoa ETB-3n. Arlo horretan, jaialdi ugari izaten da udan Euskal Herrian eta toki zabala izango dute programazioan. Uztailaren 1etik 3ra, esaterako, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 16. edizioa izango da Heletan eta jarraipen berezia egingo diote ETB-3n.
Ostegunetan eta larunbatetan, ''Gaztea Live'' zuzeneko kontzertuen saioa eskainiko dute. Kulturak ere izango du zeresana ETB-3n uda honetan, larunbatetan ''EITB Kultura'' emango baitute. Azkenik, ''Gaztea Fest'' programak amaituko du astea igande gauean.