Mugikor bidez ordaintzeko aplikazioa sortu du Google konpainiak
Google konpainiak mugikor bidez ordaintzeko sistema berria aurkeztu du. PIN kodea sartuta eta telefonoa irakurgailu batera gerturatuta ordaindu ahal izango du erabiltzaileak, sistema horretara egokituriko dendetan.
''Google Wallet'' du izena aplikazioak eta Near field communication (NFC) izeneko teknologia duten mugikorretan egongo da erabilgarri AEBetan soilik, momentuz. Horrez gain, beharrezko baldintza izango da MasterCard PayPass kontua eta Samsung Nexus S 4G markako telefonoa edukitzea. Erabiltzaileek kreditu-txartela edo bankuko kontu korrontea lotuko diote zerbitzuari eta, hala, txartela balitz bezala ordaindu ahal izango dute mugikorra erabilita.
MasterCard, First Data, Citibank eta Sprint etxeekin elkarlanean burutu du proiektua Google konpainiak. Bestelako berrikuntzak ere ezarri dituzte zerbitzuan. Esaterako, teknologia hori erabiltzeko aukera eskaintzen duten denden mapa ipiniko dute eskuragarri, baita bezeroentzako eskaintza bereziak ere.