Flinkin; esteka interesgarriak partekatzeko sare soziala
Erabiltzaileek beraien artean esteka interesgarriak modu txukunean eta garbian partekatzeko helburuz jaio da Flinkin sare soziala. Estekak gaiaren arabera sailkatzen ditu Flinkinek.
Konpainiak berak jakinarazi duenez, interesgarriak izan daitezkeen helbideak igo daitezke sare sozial honen bidez. Orain arte "faboritoetan" gordetzen ziren loturak Internetera igotzeko aukera eskaintzen du, hain zuzen ere, erreminta honek.
Esan bezala, kategoriaka sailkatzen ditu estekak eta erabiltzaileak modu pribatuan nahiz publikoan gorde ditzake.
Oraingoz hiru hizkuntzatan erabili daiteke atari berri hau: katalanez, gazteleraz eta ingelesez, baina, aurki hizkuntza gehiagotan izango da.
2010eko abenduaren 21ean aireratu zen Flinkin eta gaur egun 700 erabiltzailetik gora eta 1.500 esteka inguru ditu.