Swap Rebel: eskumuturreko erlojua eta sakelakoa, aldi berean
iPod Nano berria erloju bihurtuta eta Sony Ericssonen LiveView (Interneterako sarbidea eskaintzen duen gailua) ezagunak ditugu lehendik, baina kontzeptua urrunago eraman dute orain Swap Rebel berriarekin. Telefono mugikor baten funtzioak dituen eskumuturreko erloju honi ez zaio ia ezer falta: SIM txartelak onartzen ditu; kamera, musika eta bideo erreproduzigailua du; eta FM irratia entzuteko aukera ematen du.
Sakelako baten funtzioak erloju baten bidez eskaintzeko aukera ez da erabat berria. Irailean Sony Ericsson LiveView gailua (sakelako baten funtzio batzuk ematen zituen erlojua) kaleratu ondoren, Swap Rebel berriak berrikuntza bat dakar; sakelakoa da, SIM txartela baitu.
Lehen aldiz, erloju batez deiak egin, argazkiak atera eta musika entzuteko aukera izango da, beste gailu batera konektatuta izan gabe. Swap Rebel berriak 3G konexiorako euskarria du, eta bideo-erreproduzigailu legez ere erabili ahal da (MPEG 4rako kodeka du).
Horren espezifikazio teknikoei dagokienez, erloju-telefono berri honek 1,46 hazbeteko ukipen-pantaila du eta 128 MB-eko barne-memoria (SD txartel mikro baten bidez 8 GB-era handitu daiteke). Gainera, 240 mAh-ko bateria, USB 2.0 ataka eta bluetooth konexioa ditu, eta 8 hizkuntzatan konfigura daiteke (besteak beste, gaztelaniaz).
Produktu berriaren aldakortasuna eta itxura modernoa azpimarratu dituzte Sarean horri buruz egin dituzten lehenbiziko iruzkinek. Batzuen ustez, espioientzako moduko gailua da. Oraingoz Erresuma Batuko denda batzuetan soilik dago salgai, 227 euroko prezioan.