'Origen' pelikulak bideo-jokoa izango du
Origen filme arrakastatsuaren zuzendariak pelikulak bere bideo-joko propioa izango duela baieztatu du. Bideo-jokoen sektorea asko interesatzen zaiola eta sektorearen posibilitate anitzak aprobetxatzea espero duela adierazi du Christopher Nolanek. Filmeak zineman izan ditzakeen ondorengo posibleei buruz, aldiz, ez du ezer esan nahi izan.
Origen pelikula aurten gehien ikusitako estreinaldietako bat izan da eta onarpen ona izan du, kritika nahiz ikusleen aldetik. Entertaiment Weekly-ri Christopher Nolanek ziurtatu dionez, orain Origen pelikulan girotutako bideo-jokoa sortzen ari dira.
Pelikularen bigarren zati bat egiten ari zen galdetu ziotenean, hau erantzun zuen zuzendariak: "Momentuz aukeratu dugun norabidea Origenen munduan girotutako bideo-joko bat garatzea da".
Nolan Batmanen azken emanaldien zuzendaria ere bada, eta bideo-jokoen sektorea erakargarria egiten zaiola adierazi du: "Bideo-jokoen mundua interesgarria egiten zait, eta esploratu nahi izan dudan zerbait da". Dirudienez sortzaileen eta adituen talde batekin jokoa garatzen ari da.
Origen bideo-jokoaren kaleratzearen epeen inguruan, "epe luzeko proposamena" dela azpimarratu du. Batmanen hirugarren emanaldiaren aurre-ekoizpen fasean murgilduta dabil une hauetan. Hori dela eta, jokoaren garapena espero dena baino mantsoagoa izan daiteke.
Origen bideo-jokoaren merkaturatze garairako ez dituzte plataformak iragarri (mahai gaineko kontsolak, ordenagailu eramangarria, mugikorrak edo ordenagailuak).