Acer etxeak ordenagailu lauak eta bi pantailadunak aurkeztu ditu

Ukipen-pantailak dituzten hiru ordenagailu kaleratuko dituzte; bat Windows sistema eragilearekin eta beste biak Androidekin.
Acer etxearen bi pantailadun ordenagailua. Argazkia: 20minutos.es

Acer etxe taiwandarrak bi ukipen-pantaila dituen ordenagailu eramangarria aurkeztu du eta, netbook arrakastatsuen adarrean aurreikusi duten ahultzea orekatzeko, 2011tik aurrera tablet izenaz ezagutzen diren ordenagailu lauen merkatuan sartzeko egitasmoa azaldu du.

Enpresa horretako presidente eta kontseilari delegatuak, Gionfranco Lancik, hitzaldi batean eman du Acer etxeak 2011rako atera nahi dituen produktuen eta estrategia korporatiboaren berri. Berritasun nagusi moduan, ukipen-pantaila duten hiru ordenagailu lau (tablet izenaz ezagutzen dira) aurkeztu dituzte. Microsoften sistema eragilearekin (Windows) zein Googlek gailu eramangarrietarako diseinatu zuen Android sistemarekin ibiliko dira.

Lehenengoa (Windows sistema eragilea eta 10,1 hazbeteko pantaila) 2011ko otsailean kaleratuko dute eta beste biak (Android sistema eragilea eta 7 eta 10,1 hazbeteko pantailak) apirilean.

Acer apirilean Apple etxearen iPad gailuak ireki zuen merkatuan sartuko da horrela, etengabe hazten doan merkatu batean hain zuzen. Tarte gero eta handiagoa lortu nahi du alor horretan, batez ere netbook izenaz ezagutzen diren kostu txikiko ordenagailu eramangarrien esparruan salmentak ez atzera ez aurrera geratuko direla aurreikusi eta gero. Baliteke horrek enpresaren kontuak orekatzea.

Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, munduan 19 milioi ordenagailu lau saldu dira jada, eta 2011n 54,8 milioi merkaturatzea aurreikusi dute. 2014an baliteke kopuru hori 208 milioira iristea.

Ukipen-pantaila bikoitza
Iconia 14 hazbeteko bi ukipen-pantaila dituen ordenagailu eramangarri ikusgarria ere aurkeztu zuen Acer etxeak. Tablet izenaz ezagutzen diren ordenagailuen eta 3G konexioa duten telefono multimedien erakargarritasuna eta ohiko ordenagailu eramangarrien ezaugarriak biltzen ditu.

Bisagra edo bandadun ordenagailu eramangarri tradizionalen itxura duen ordenagailu honetan, pantaila bat teklatu birtual moduan erabil daiteke, baina pantaila bakoitza bere aldetik erabiltzea ere badago, eta leiho bat biak betetzeko maximizatu ere egin daiteke.

Acer etxeak aplikazioen denda birtual bat sortzeko asmoa ere iragarri zuen. Alive izena jarriko diote, eta euren gailuetarako programa informatikoak salduko dituzte bertan.

Telefonia mugikorraren eremuan, Taiwango enpresak 4,8 hazbeteko pantaila eta Android sistema eragilea izango duen smartphone bat kaleratuko duela jakinarazi zuen.

Erabiltzaile bakoitzak gordetako eduki digitalak kudeatu eta partekatzeko, Clear.fi sortu duela ere iragarri zuen Acerrek. Sare batera konektatuta dauden gailuetan biltegiratutako informazioa batzeko plataforma bat da, eta horiek edozein ekipotik atxikitzeko aukera ematen du.