Mozkorrek ezingo dute Facebook eta Twitter erabili
Pertsona askori gertatu izan zaie parrandan atera eta mozkor galanta harrapatu ostean Facebooken nahiz Twitterren nahi ez zuten iruzkinen edota posten bat idaztea. Horri aurre egiteko, aplikazio berri bat jaio da. Honek, ez die mozkortuta dauden pertsonei aipatutako sare sozialetan sartzen utziko.
Proiektu hau Webroot segurtasun webak garatu du, TDA agentziaren laguntzarekin. Bien artean Social media sobriety test aplikazioa sortu dute. Facebook eta Twitterrerako ez ezik, MySpace, Flickr, Youtube, Hotmail eta Gmail zerbitzuetarako ere balio du.
Hain zuzen ere, erabiltzaileak nahi dituen webguneak blokeatuko ditu eta aplikazio honek prestatutako testa gainditzen ez badu, atari horietara sartzea debekatuko zaio.
Gainera, azterketa hori gainditzeaz gain, erabiltzaileak sagua lerro zuzen batean zehar mugitu beharko du, mozkortuta dagoen ala ez jakiteko.