90eko hamarkadako saskibaloi jokorik lotsagabeena bueltan da

Wii erabiltzaileek gogoz espero duten NBA Jam jokoa Electronic Arts-ek banatu du.
NBA Jam. Argazkia: Nintendo Ibérica

1993. urtean sortu zuten NBA Jam jokoa, eta orduan, ohiko kirol-jokoen oinarriak hautsi nahi zituzten. Lehen aldiz kaleratu zela 15 urte pasatu diren arren, Wii erabiltzaileek gogoz espero dute jokoa, 90eko hamarkadako bideo-joko gogoratuenetariko bat baita. NBA Jam jokoak orain arte joko-eremuan egon diren jaurtiketa eta estrategietan erabateko aldaketa egin du: zenbat eta zailagoa izan lortu nahi dena, orduan eta aukera gehiago daude baloia saskian sartzeko. Honi esker, joko honekin milioi bat dolar baino gehiago irabazi dituzte AEBetan.

Wii-ren bertsio berri honek jatorrizkoaren joko klasikoa mantentzen du, Wii mandoarekin jolastu daiteke eta mugimenduaren bidez kontrolatu daiteke jokoa. Bestalde, orain dela urte batzuk Super Nintendorekin egiten zen bezala ere jolastu daiteke, Wii mando klasikoari konektatuta.

“Classic campaign” moduarekin lehenagoko esperientzia klasikoa bizi ahal izango da, baina Remix Tour berriaz ere gozatu daiteke. Bertan, bakoitzak bere bidea egin beharko du kirolaren mitoen kontra eginez.

Wii bideo-kontsolarentzako NBA Jam jokoak jatorrizko nortasun ezaugarri bat mantentzen du; aurpegi errealistak neurritik kanpoko buruekin nahasten dituen estilo artistikoa. Jokalarien erreakzioak eta aurpegiko keinuak jokalekuko ekintzak azpimarratuko dituzte. Jokoaren bertsio berri honetarako, gainera, Tim Kitzrowk ahotsa jarri du. Garai bateko jokoan ere berak jarri zuen ahotsa eta erabiltzaile askok oraindik ere gogoan dituzte “Boomshakalaka!” edota “It’s on fire!” esaerak. Bertsio honetan, jarraitzaileek proposatutako esaera berriak ere sartu dituzte.

NBA Jam jokoan NBAko talde ofizialen hiru jolakari onenak daude. Facebookeko lehiaketa baten bitartez jarraitzaileek jokoa osatuko duten jokalariak aukeratu dituzte eta hauek dira horietako batzuk: Pau Gasol, Kobe Bryant, LeBron James, Kevin Garnett, Dirk Nowitzki, Yao Ming, Kevin Durant, Tony Parker, Dwight Howard, Manu Ginobili... Saskibaloiaren mito haundiak ere aurki daitezke joko honetan, adibidez: Magic Johnson, Scottie Pippen, Denis Rodman, Hakeem Olajuwon, Larry Bird, Isiah Thomas, Drazen Petrovic, Karl Malone, John Stockton...

Jokalari profesionalez gain, NBA Jam-en bikote berezien kontra egitea posible izango da, eta baita talde, politiko edo musikoen maskoten azalean sartzea ere. Bikote bitxien artean hauek aurki daitezke: Hillary eta Bill Clinton, John McCain eta Sarah Palin, eta Barack Obama eta Joe Biden.

NBA Jam, Electronic Arts-ek banatu du, eta jada erabilgarri dago Wii bideo-kontsolarentzat.