Panasonic kontsola eramangarria prestatzen ari da

Berriemale batek adierazi duenez, tresna elektronikoen enpresa japoniarra kontsola eramangarri bat garatzen ari da, hamar urteren ondoren, bideo-jokoen industrian berriro sartu ahal izateko.
Panasonicen gailu berria

Panasonic enpresa bideo-jokoen industriara bueltatzekotan da prestatzen ari den Jungle kontsola eramangarriari esker. Proiektua enpresa horrek Ipar Amerikan duen egoitzan egiten ari dira, AEBetako bideo-jokoen merkatuari begira. Hala ere, oraindik ez dute horren inguruko xehetasunik aipatu. Tresna horrekin dagoeneko industria horretan toki propioa eskuratu duten enpresa handiekin lehiatu beharko du, Microsoft, Nintendo eta Sony enpresekin, besteak beste. Azken belaunaldiko telefonoetarako eta Tablet PC izenaz ezagutzen diren gailuetarako gero eta joko gehiago eskainiko dituzte, gainera.

Teknologiaren inguruko TechCrunch blog estatubatuarrean proiektu horren berri eman zuten joan zen astean. Horren arabera, Panasonic bideo-jokoen merkatuan berriro leku bat egiteko prest agertu da, eta 1994tik halako jokorik kaleratu gabe egon ondoren, sareko jokalariei bereziki zuzendutako kontsola eramangarri bat prestatzen ari da.

Gailu tolesgarria

Panasonicen gailu berria tolesgarria izango da, alde batean pantaila izango du eta teklatua eta ukipen pantaila bat bestean, TechCrunchek aditzera eman zuenez. Panasonicek enpresa berri bat sortu du, Panasonic Cloud Entertainment, proiektu berri hau kudeatzeko, eta bideo-edukiak ere sortuko ditu. Japoniako enpresaren bozeramaile batek baieztatu duenez, konpainiak ''Jungle'' izeneko proiektu berri bat du esku artean, baina ez du enpresaren egitasmoen inguruko bestelako daturik eman.